Hau gure historia da

Noiz hasi egin zen dena............


Jatorri frantseseko Bernardo Ponsol jaunak 1838. urtean sortu zuen Ponsol Etxea egun duen kokapen berean.
Establezimendua kapela-denda gisa (kapelak, txapelak eta andreentzako buruko mota guztiak) hasi zen. Orain dela asko sortu zenez, jardunean jarraitzen duen Donostiako denda zaharrena, zalantzarik gabe, Euskal Herriko eta, ziur aski, Espainiako kapela-denda zaharrena da.



Ponsol instalatu zenean, Donostia lehen karlistadan murgilduta zegoen, eta gerra ez zen amaitu 1839. urtean Bergarako Hitzarmena sinatu arte. Orduan, hiria 1813. urteko sutearen ondoren berreraikitzen ari zen eta udatiar ospetsuen lehen bisitak jaso zituen. Besteak beste, 1830. urtean, Francisco de Paula infantea (Fernando VII.aren anaia) eta bere emaztea, Luisa Carlota de Nápoles infantea, haien seme-alabekin etorri ziren hondartzan bederatzi bainu erritualak hartzera.

Donostiako ikuspegia 1836an, non gabarrekin egindako zubi bat, ziur aski Britainiar Legio Laguntzailearena, ikus daitekeen. “Oasis, el Viaje al País de los Fueros” liburuko grabatua.

Lehen urteetan zehar.


Egungo Sarriegi plazan (garai hartan Eskolen plaza txikia zen eta Pikondo deitzen zion jendeak) XIX. mendearen lehen erdian zehar hirian existitzen ziren bi ostalaritza-establezimenduetako bat zegoen: Isabel ostatua (Lopetedi aurretik). Hara iristen ziren eta han uzten zituzten bidaiariak posta-gurdiek. Narrika kale berean, postetxea zegoen baita ere... Toki paregabea, zalantzarik gabe, donostiarrak eta bisitariak artatzen zituen saltoki bat jartzeko.



1863an harresiak bota zirenetik aurrera, hiria izugarri hazi zen (1860an, 9.000 biztanle; 1900ean, 41.000; eta 1930 dagoeneko, 85.000 baino gehiago). Ponsol Etxeak ospe handia lortu zuen. 1870 aldera, Bernardo hil zenean, bere semeak, Agapito Ponsol e Ybarzabalek, jarraitu zuen negozioarekin. Agapito udaleko zinegotzi izan zen eta gogoan dugu beti bera izan zelako Kontxako “tamarindo” sonatuen sustatzaile eta sartzailea. Erabaki hark nahigabe asko eman zizkion, garai hartan jendeak ez zuelako neurria estimatu. Baina, urte gutxi geroago, zuhaitzek nahi adina itzal ematen zuten eta Donostiako ikono ospetsu bihurtu ziren. Orduan, bainuak hartzea ona zela uste zuten, baina eguzkia hartzea berriz ez; hortaz, burua era guztietako kapelekin edota txapel tradizionalarekin estaltzen zuten. Horri esker, kapela-dendak garrantzi handiko industria eta saltokiak ziren, non diseinua, kalitatea eta moda jabeen ospearen erreferente baitziren.

1829. urteko grabatua: egun Sarriegi izena duen plazan, Alondegiaren eta Eskola Publikoen eraikinaren eraikuntza. Eraikina 1950ean eraitsi egin zen.

Kontxa pasealekua.... 1888 eta 1890 bitartean, egun pasealekua apaintzen duten tamarindo famatuak landatu aurretik.

Ezagutza eta ospe handia lortu zuen.


Agapito aditu handia zen txapeletan, eta dendan sartzen zen bezeroak ezer gutxi esan zezakeen txapela aukeratzeko orduan. Agapito Ponsolek erritualki bezeroari burua neurtzen zion, txapela aukeratzen zuen eta behar bezala janzten zion. Beti asmatzen zuen.


1897. urtean Maria Kristina erreginak "Errege-etxeko Hornitzaile" titulua eman zion, Alfonso XIII.aren txapelak egiten baitzituen.



Ponsol Etxearen ospea 1898an E. Flagey frantsesak idatzitako bidaiarientzako gidan islatzen da. Oroigarriak erosteko aholkuen inguruan, zera idatzi zuen: “Txapela erosteko, ni zumarditik hogeita hamar pausora dagoen Ponsol Etxera joango nintzateke, Donostian ohitura baino betebeharra baita bertan (Ponsol Etxean) burua janztea. Txapel honen arintasuna eta akabera akatsgabeak dira. Kalitate oneneko eta benetan probatutako marka bateko salgaia oparitu ahal izango duzu. Ponsol jaunak Parisen egin ditu ikasketak, eta horri esker bezeroa erraz limurtzeko gai da... Txapelak 2 pezetatik aurrera eros daitezke, baina nik 7 pezetan saltzen zirenak eta gaur 6 pezeta balio dutenak (hau da, 3,6 franko) gomendatzen ditut... Erabilitako gaiak guztiz benetakoak dira. Gutxi dira euren izena Konfiantzako Etxea hitzekin apain ditzaketen saltokiak.”

Maria Kristina Erreginak emandako titulua, Ponsol Etxea "Errege-etxeko Hornitzaile" gisa akreditatzen duena.

1900 urteko Ponsol Etxeko kapela luzea. Donostiako San Telmo Museoko bilduma.

José Luis Leclercq iristen da.


Agapitoren garai hartan, José Luis Leclercq y Uranga gaztea, donostiarra eta belgikar aitona-amonak zituena, iritsi zen. Azkar asko irabazi zuen Ponsolen konfiantza: enkargatu eta, aurrerago, bazkide izatera iritsi zen. Izan ere, 1922an Agapito ondorengorik gabe hil zenean, establezimendua José Leclercqen eskutan gelditu zen, baina Ponsol Etxea izen komertziala mantenduta. Belle Epoque garaiko saltoki hau "era guztietako kapelen eta txapel famatuen fabrika" bezala iragartzen zen; eta orduko iragarki batek dioenez: "zira ingelesak, kapak, gorbatak, goi-mailako puntuzko txalekoak, bidaiatzeko tapakiak eta leporako larruak" ere saltzen zituen.



Mendearen hasieran prentsa ingelesak inportatu zituzten, eta 1914an 14 kapelagilek eta 10 ofizialek lan egiten zuten han jada. Garai hartan, artisau-adituak zeuden beti etxean, eta haien artean hainbat atzerritar: Achile Nordelstein errusiarra edo Alphonse Duchene eta Leoncio Capsenrox frantsesak, besteak beste.



Ponsol Etxeak Amerika urrunetik, Moyobamba eta Montecristitik, jipi-japa kapela famatuak Espainiara ekarri zituen lehen aldiz.

Ponsol Etxea - Leclercq Sarasola familia: Carmen Sarasola, José Leclercq Uranga, José María, Ignacio, Victoria (Joséren arreba) eta seme-alabak.

1900 hasierako Montecristi Hats iragarkia.

Urte gogorrak


Lehen mundu gerraren ostean, Manchesterreko Macintosh Ltd. etxeko formularekin ekoiztutako euritarako jantziak saltzen hasi ziren, eta ehun horrekin guardien bizkarrekoak ere egiten zituzten. Negozioak aurrera egin zuen eta 20ko hamarkadako booma iritsi zen, canotier kapelaren modarekin. Makineria modernoarekin, 3 segundotan canotier bat ekoizteko gai ziren.



José Leclercq Carmen Sarasolarekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituen. Semeek, José Mari eta Ignaciok, ikasketak Frantzia eta Ingalaterran jarraitu zituzten. Aita, José, 1930ean hil zenean, Ignaciok eta bere arrebek (Karmele, Bitxori eta Ángeles) jatorrizko Ponsol Etxean jarraitu zuten. Ignacio pertsonaia ezaguna izan zen oso: kirolaria, futbol arbitroa, Jesuitak ikastetxeko frantses irakaslea eta Unión Artesana elkarteko kidea, non urte askoz Danbor Nagusi izan zen.



Gerra zibilean zehar, Falangeak hartu zuen denda, eta instalazioak txapel militarrak egiteko aprobetxatu zituen. Izan ere, honela iragartzen zen prentsan: "Ponsol Etxe ohia. Armadarako, Espainiako Falangerako eta Herri Ekintzako Gazteentzako (JAP), erreketeentzako eta Renovación Españolako kideentzako txapelak eta era guztietako kapelak egiten ditugu."



Gerra amaitu zenean, Leclercq familiak, zailtasunak zailtasun, negozioa berreskuratzea lortu zuen.

Société industrielle de cellulose erakundeak Ponsol Etxera bidalitako agiria. Ofentsiba Nazional-sindikalistako Batzarren Espainiako Falangeak saltokia hartu zuen urteetan zehar. 1936. urtea.

Bulebarra eta, lehen mailan, Bretxako merkatua

Guztiarekin ere, hemen jarraitzen dugu.


Urteak igaro ahal, kapelaren moda galdu zen, baina Ponsol Etxeak garai zail horiek gainditzea lortu zuen, lana eta irudimena erabilita, establezimendua antzinako kutsu dotorearekin eta egungo funtzionaltasunarekin mantenduz.



1952an, Iñaki Leclercq Díazek, Ignacioren semeak, eta bere emazte Pilar García Zurbanok negozioaren ardura hartu zuten, eta ahuldurik zegoen saltokiak bultzada berria jaso zuen. Altzari guztiak berritu zituzten, baita urteen joanarekin oso narriatuta zeuden beirate apartak ere, eta saltokiari hiriko dekorazio ederrenetako bat eman zioten.



1980az gero, kapelak susperraldi esanguratsua izan zuen, ez lehengo indarrarekin baina, eta Ponsol Etxeak gizonentzako arropa saltzeari ekin zion. Horri esker, hirian moda eta kalitate erreferente eta txapel tradizionalaren erabiltzaileen toki gustukoena izaten jarraitu zuen.



Egun, Iñaki Leclercq Garcíak zuzentzen du Ponsol Etxea: gure hiriko saltoki zaharrenaren ardura duen Leclercq familiako laugarren belaunaldia.



Halere, Ponsol-Leclercq dinastia osoari eskertu behar diogu hemeretzigarren mendeko dekorazio bikainaren kontserbazioa: jatorrizko erakusmahaia, apal eta beira-arasak, bai eta "De Taffe, Bruxelles 1893" sinadura daramaten beirate ederrak ere. Benetako ondarea donostiar guztiontzat, kapela erabili ala ez.

Kapela Denda Ponsol Etxea Sortuta 1838 Espainiako kapela-denda zaharrena da

Gure establezimenduko barnea.

Kapela Denda Ponsol Etxea Sortuta 1838 Espainiako kapela-denda zaharrena da

Gure establezimenduko kanpokoa.

Eta hemen gaude zuen zain.

Kapela Denda Ponsol Etxea Sortuta 1838 Espainiako kapela-denda zaharrena da

Gure establezimenduko kanpokoa.

Kapela Denda Ponsol Etxea Sortuta 1838 Espainiako kapela-denda zaharrena da
Kapela Denda Ponsol Etxea Sortuta 1838 Espainiako kapela-denda zaharrena da